top of page
Buscar

19/20 edizioan aukeratutako erronkak

Iragan urtarrilaren 31n, 2019-2020ko ikasturteko lehen Oceani3 mintegia egin zen. Sei erronkari aurre egiteko lantaldeak sortu ziren, eta erronkak horien ardura duten gizarte eragileek eurek aurkeztu zituzten. 


«URA GARBI BERRIZ ERE» Zein dira dibertimenduzko jardueretarako erabiltzen diren urak plastikoekin kutsatuta egoteak dituen osasun arriskuak?

Erronka hau Bidarteko (Lapurdi) RIVAGES PRO TECH ikerketa zentroko Laetitia Jourdanek eta Isabelle Larrondek aurkeztu zuten. SUEZ Eau France taldeko zentro tekniko zientifikoa da Bidartekoa, ur-ingurunean, bainatzeko uretan eta kaietan espezializatua. RPTk, tokiko agintariei kostaldearen kudeaketan laguntzeko, teknologia ozeanografiko operazionalak kudeatu eta aplikatzen ditu.

Erronka honetan honako eragile hauetako ikasle eta irakasleek parte hartzen dute: Bordeleko Unibertsitateko EPOC laborategia, PiE-UPV/EHU Plentziako Itsas Estazioa, UPV/EHUko Zientzia Fakultatea eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea. Ikasleak erronkari aurre egiteko lagungarriak izango diren praktikak eta ikerlanak egiten ari dira, besteak beste, arazoaren esparrua zehazteko, plastikoek mikroalgetan dituzten ondorioak aztertzeko eta mikroplastiko kutsatzaile motak identifikatzeko baliagarriak izango direnak. 

«EZAGUTZATIK EKINTZARA, PLASTIKOA GUTXITZEKO»

Erronka hau Mater museoko Sara Lizarzak aurkeztu zuen. MATER egurrez egindako azken euskal atunontzi handia da. Pasaiako Itsas Gela elkarteak desegitetik salbatu zuen 2003an, eta gaur egun ontzi-museo ekoatibo bat da.


Erronka honetan honako eragile hauetako ikasle eta irakasleek parte hartzen dute: UPV/EHUko Hezkuntza Fakultatea, Bordeleko Unibertsitateko IFSI-Erizaintza Eskola, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea.  Ikasleek egindako ikerlan eta praktikek gizarte sentsibilizazioko edo/eta komunikazioko planak definitzen eta garatzen lagunduko dute, baita osasun prebentzioko ekintzak ere. Era berean, turismo ekologikoko ereduak eta ereduok zabor bilketarekin dituzten loturak ere aztertuko dira. 



«BIRZIKLAPENA VS GAINZIKLAPENA»

Zer egin ozeanoetatik jasotako plastikoekin? 


Erronka hau NANTEK enpresako Javier Escamillak aurkeztu zuen. NANTEK berrikuntzako hub bat da, nanoelementuetan oinarritutako irtenbide industrialak garatu, eskalatu eta inplementatzeko sortua. Lantaldeak honako hauek uztartzen ditu: enpresa eta kudeaketa gaitasunak, nanoelementuen eta ingeniaritzaren gaineko ezagutza tekniko sakona, eta petrolio findegien eta plastiko birziklapenaren industrian esperientzia praktiko zabala.

Erronka honetan parte hartzen dute UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko eta UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikasleek eta irakasleek. Ikasleak arazoaren esparrua zehazten lagunduko duten praktikak eta ikerlanak egiten ari dira, betiere, honako galdera honi erantzunez: «Zer gertatutako da ozeanoetatik jasotako plastikoarekin?». Ikasleek kontsultak egingo dizkiete beste diziplina batzuetako eragileei, eta emaitzak txostenetan jasoko dituzte.


«GUZTIOK GARA SURFRIDER: Babestu ditzagun ozeanoak» 


Erronka hau SURFRIDER ekimeneko Xabier CURTO ZAFRAk aurkeztu zien parte hartzaileei, Surfrider fundazioarekin ahalik eta pertsona gehienek bat egitea helburutzat hartuta. Erronken mintegian Surfrider Europako Boris MASSERONek eta Cristina BARREAUk ere parte hartu zuten. Surfrider nazioarteko erakunde bat da, 25 urteko ibilbidea du, eta ozeanoak, olatuak eta itsasertza babestea eta horien balioa aintzat hartzea da bere helburua. Bost gai nagusiren inguruan lan egiten du: itsas hondakinak, itsas garraioa, klima aldaketa, uraren kalitatea, eta kostaldearen eta olatuen babesa. 

Erronka honetan parte hartzen dute UPV/EHUko Hezkuntza Fakultateko eta UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Zuzenbide eta Kriminologiako graduetako ikasleek eta irakasleek. Ikasleak ikerlanak egiten ari dira ozeanoen babesaren arloan esparru bat zehazteko, baita proposamenak egiteko ere Surfider fundazioak egiten duen lanean jende gehiagok parte har dezan lortzeko. 


«STOP PLASTIKOEI»


Erronka hau Euskal Hirigune Elkargoko Urak, Itsasertza eta Naturaguneak (Eau, Littoral et Milieux naturels) Zuzendaritzako Caroline SERRADEk aurkeztu zuen, ozeanoetan izaten diren mikroplastikoen inguruko sentsibilizazioa sustatzea eta ezagutza sortzea helburu hartuta. 


Erronka honetan parte hartzen dute Bordeleko Unibertsitateko EPOC laborategiko eta Bordeleko Unibertsitateko IFSI Erizaintza Eskolako irakasle eta ikasleek. Erronka honetan, ikasleak ikerketa lanak egiten ari dira zientzia parte hartzaileko protokoloak garatzeko, mikroplastikoen inpaktua karakterizatzeko helburuarekin, baita herritarrak sentsibilizatu eta inplikatzeko ere. Azken finean, plastikoek ozeanoetan sortutako kutsadurari aurre egiteko ekimen sozialak bultzatzea nahi da. 


«BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASLEEN ARTEAN SENTSIBILIZAZIO LANA EGITEA GAITASUN BERDE ETA URDINEN INGURUAN» 


Erronka hau Sophie HERRERAk aurkeztu zuen, Marie-Claire LESBATS ordezkatuz. Zehazki, Eskola Kiroleko Frantziako Batasuneko Ipar Euskal Herriko UNSS64 adarrak planteatutako erronka bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetza ere baduena. Erronkaren xedea da ekonomia urdin eta berdeak (turkesa), hots, itsasertzarekin lotutako ekonomiak, eskaintzen dituen aukeren berri ematea, herritarren sentsibilizazio eta esperimentazioko jarduerak bultzatuz. Zehazki, Bigarren Hezkuntzako ikasleak sentsibilizatzea da helburua, horretarako itsasertzean bertan jarduerak eginez.

Erronka honetan Bordeleko Unibertsitateko Baionako gunean eskaintzen den MI2PAS “Management International des Projets et Produits action sports - sports de glisse” masterreko ikasleek eta irakasleek parte hartzen dute, baita Bordeleko Unibertsitateko IUT Teknologiako Unibertsitate Institutuko Kudeaketa Zientzietako irakasleek eta ikasleek ere.

Erronkari ekarpena egiteko asmoz, ikasleak gaitasun berde eta urdinen inguruko ikerketa dokumental bat egiten ari dira, eta eskola umeei galdetegi bat egingo zaie, ozeanoaren eta ingurumenaren gainean zer ezagutza eta informazio duten jakiteko. Azken lana ikasleak sentsibilizatzeko jardunaldi estandarrak diseinatzea izango da, UNSS64ren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. 







Comments


bottom of page